XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txispak, ordea, ez zuen bakarrik ikusi egiten.

Bere belarri zuri handiek harrituta zeukaten.

Lehenengoi haize gogorra entzun zuen.

Zuhaitzen adarren artean pasatzen zen eta hauek kontu kontari zeudela ematen zuten.

- Horien hizkera ikasi beharko dut pentsatu zuen Txispak.

Bere belarri sentikorretara beste soinu batzuk ere heldu ziren: animalia ezezagunek egindakoak ziren.

Kilkirrak abestu egiten zuen, txoriak txioka, arkumetxoak amari deika...

Oso polita zen guzti hura eta oso animaturik zegoen.

Pauso batzuk gehiago ematea erabaki zuen: bat, bi, hiru,... eta gero gehiago ...

Bapatean gelditu egin zen.

Han bazegoen beste zerbait eta ezin zuen aurrera egin.

Ibai eder bat zen.

Ur jostalaria korrika eta saltoka zebilen hondarra eta harritxoen artean.

- Nora joango ote da hainbeste ur? galdetu zion bere buruari.

Han ez zen asko gelditu.

Bere ibilbide politari jarraitu nahi zion eta gauza gehiago aurkitu.

Itzulinguru bat eginez, amenjesus batean belardi zabalean zegoen.

Zein polita zen puxika dirdiratsu hartatik zetorren argia!

Zein gozo zegoen Txispa belar berdean!

Zein barregarri loreen artean saltoka zebilen zomorro txiki hura!

Txispa ez zen konturatu denbora oso azkar joaten zela.

Horregatik argia mendien artean ezkutatzen hasi zenenan beldurtu egin zen.

- Eta argirik gabe gelditzen banaiz?

Eta dena lehen bezala gelditzen bada?

Eta mundu zoragarri hau berriro ikusten ez badut?

Bere pentsamentu sakonetan sarturik zegoen eta ez zen konturatu bere ondoan bazegoela maitekiro begiratzen zion norbait.

- Ez izan beldurrik, Txispa.

Zurekin nago eta ez zaizu gauza txarrik gertatuko.

Amonamantalgorri anderea zen, eta emeki laztanduz esaten zion:

- Handitzen hasi zara baina oraindik asko gelditzen zaizu ikasteko.

Ez dakizu ezer baso handietaz, ez eta itsaso neurtezinaz ere.

Ez dakizu urjauzia zer den, ez eta euritea, ez eta ekaitza ere.

Ez duzu imajinatzen zer izan daitekeen bale bat edo elefante bat.

Barrez lehertuko zara katagorria ardaxkatik ardaxkara ikusten duzunean.

Txispa zoraturik zegoen amari entzunez.

Zergatik ez dizkidazu gauza guzti horiek erakusten?

Oso berandu da, ene semetxo.

Iluntzen ari du, eguna amaitzear dago eta gaua dator.

Adi egon!

Gauza ikusgarri bat ikusiko baituzu orain.

Beste guztia... pausoz pauso ikasiko duzu, handitzen joaten zaren bitartean.

Txispak ez zituen amaren azken hitzak entzun.

Zeruak erakarri zion bere atentzio osoa.

Lehen urdin ederra zena, orain beltz iluna zen.

Baina, hara non!, argi misteriotsu batzuz betez joan zen.

Hasieran gutxi batzuk bakarrik; azkenik, ordea, izarrez bete zen.

Guztien artean handienak eta ezberdinenak modu bereziz dirdiratzen zuen.

Belarri handidun untxitxo hark ez zuen horrelako ikustaldirik espero.

Ez zen bere harriduratik ateratzen: beti izar berri bat aurkitzen zuen.

Baina berandu egin zen eta begietan zama astuna nabaritu zuen.

Emeki-emeki kuzkurtu egin zen amaren altzoan haren larru leunaren ferekak gozatuz, eta aurkitzeko gelditzen zitzaizkion gauza guztietan pentsatuz loak hartu zuen.

2. iharduera: Elkarrizketa

Umeengan harridura gehien sortarazi dituzten aspektuak azpimarratuko dira:

1. Nor da ipuineko protagonista?

2. Nortzuk dira bere gurasoak?